Ikastetxeetako autoritarismoaren aurrean mobilizatzeko deia egin dute hainbat ikaslek.Autoritarismoaren Manifestu Beltza eskuan hartuta eta ikastegien funtzionamendu autoritarioaren larritasuna konpartituta, egoera honi dagokion neurriko erantzuna emateko asmoz bildu dira hainbat ikasle gaur Gasteizen. Euskal Herriko milaka eta milaka ikasleen egunerokotasuna dagozkigun eskubide demokratikoen urraketan oinarritzen dela azpimarratu dute, eta hau dela eta, ikasleok hitzetatik ekintzetara pasa eta mobilizatzeko deia egin dute. Ikasleak gara, gure ikastetxeetan errealitate antidemokratiko eta gordin bat pairatu behar dugun ikasleak. Ikastegien funtzionamendu autoritaioaren larritasuna konpartituta, egoera honi dagokion neurriko erantzuna emateko asmoz bildu gara.
Euskal Herriko milaka eta milaka ikasleen egunerokotasuna dagozkigun eskubide demokratikoen urraketan oinarritzen da. Adierazteko, antolatzeko, biltzeko eta greba egiteko eskubideak sistematikoki ukatzen dizkigute, edozein aitzakia tarteko. Hala ere, debeku eta ukapenon helburua kasu guztietan antzekoa delakoan gaude: ikasleon kolektibo sentimendua eta izaera desagertaraztea eta ikasle akritiko, infantil eta otzanak produzitzea.
Kontrol soziala eta poliziala ere etengabe areagotuz doaz gure ikastetxeetan: mehatxuak, espedienteen irekierak, polizia eta segurtasun enpresen presentzia ikastetxeetan... Egoera hau onartezina da.
Debeku eta jazarpen guzti hauei zeharo bideak deritzegu. Baina injustoak izateaz gain, neurri hauek gure hezkuntza prozesuaren behar bezalako garapena oztopatzen dute. Erantzukizuna, kritikotasuna, sorkuntza, ekimen propioa... ezin dira garatu baldintza antidemokrokatiko eta autoritario hauen azpian.
Aspaldi hasi ginen ikasleok egoeraren azterketa hau egiten. Aspaldi salatu genuen guzti hau eta urteak dira ikasleon eskubide demokratikoak onartu eta garatuko dituen hezkuntza eredu bat aldarrikatzen dugunetik. Alabaina, urteotako esperientziak ondorio bakarrera garamatza ezinbestean: hitzekin ez da nahikoa, benetako eztabaida publikoa onartzen ez duten ikastetxe autoritarioetan arrazoia ez da nahikoa. Ikasleok hitzetatik ekintzetara pasa behar dugu, geu egin behar gara gure eskubideen jabe eta eskubideok baliatu behar ditugu, inoren baimenaren zain egon gabe.
Honetara dator gaurko agerraldia eta aurkeztuko dugun manifestua. Ikasleon eskubide demokratikoak oinarri hartuta, manifestu beltza deitu dugunaren inguruan borroka piztea gura genuke. Manifestuak dioen bezala, hasieran lau ikasle izango gara, gero ikasgela oso bat, ondoren ikastetxea, eskualde osoko ikasleak eta azkenik Euskal Herriko ikasle guztiak altxatuko gara.
MANIFESTU BELTZADemokrazia, zer da hori? Esanahi bako hitza ikasleontzat. Adierazteko, antolatzeko, biltzeko, batzartzeko edota greba egiteko eskubideak urratuak zaizkigu. Gure eskubide demokratikoak sistematikoki urratzen dizkigute. Kolektibo zapaldua gara, ezin ditugu gure aldarrikapen propioak landu, eztabaidatu eta are gutxiago gure alternatibak praktikara eraman. Eta hori guztia gutxi balitz, mehatxuak, kontrol soziala eta poliziala, espedienteen irekierak, ezeztapenak eta jarrera autoritarioak dira gure eguneroko ogia.
Historia zapaltzaile eta zapalduek osatzen dute. Eta, gu, ikasleak zapalduak gara. Finean, egoera beti errepikatzen da: irakasle edo zuzendariak agindu eta bideratu, eta ikasleok obeditu, mandatua bete. Desobeditzen duenak bestela zigorra sufrituko du. Ez garelako nahikoa helduak, gure jarrera axolagabea delako, legeak inoiz baimendu ez duelako? milaka aitzakia erabiltzen dute. Hala ere, argi eta garbi izan behar dugu, gure eskubideak gureak direla eta hauek ezeztatzeak ez diola mesederik egiten gure hezkuntza prozesuari. Euren interes bakarra gu pertsona mantso eta akritiko moduan heztea da!
Helburu horiek lortzeko autoritarismoa jazarpen baldintza berriak asmatzen joan da ikasleok historikoki kolektibo zapaldu gisa mantentzeko. Eta zapalkuntzaren kontzientzia izan ez dezagun eskola burbuila bat bilakatu dute, herriaren errealitatetik kanpo; beti ere, zapaldua altxatu ez dadin, eta bere eskubideen alde borrokatu ez dezan.
Autoritarismoak badakielako ikasleak matxinatuz gero lortu dezakegula, lortuko dugula! Eta beldurra dio ikasleen matxinadari, baina ikastetxeetako egoera jasanezina da. Beltzez tindatu dira ikasgelak, ikastetxeko hormak, eta beltzean desagertu dira geure eskubide demokratikoak.
Honengatik guztiagatik autoritarismoaren berehalako desagerpena aldarrikatzen dugu:
Borrokarako deia luzatzen dugu!
Hasieran lau ikasle izango gara, gero ikasgela oso bat, ondoren ikastetxea, eskualde osoko ikasleak eta azkenik Euskal Herriko ikasle guztiak altxatuko gara. Autoritarismoaren aurka, eskubide demokratikoak borrokatzera! Autoritarismoa guztiok pairatzen dugu, eta ikasleon kontrako edozein eraso kolektibo osoari zuzentzen zaio. Ikasle fronte oso bat irekiko dugu, zapalduaren kontzientzia eskuratuko dugu. Ikastetxeetan ematen diren jarrera eta ekintza autoritario guztiei gogor erantzungo diegu. Ikasleok gogor borrokatuko dugu autoritarismoa suntsitu arte, geure eskubideak lortu arte!
Ekin borrokari! Lotu borrokari! Zabaldu borroka! Stop autoritarismoa! Autoritarismoari kaña!!!