Bilboko Branka * E.H
Sei urte eta gero Gatazka Guneak agur esatea erabaki du 2012ko urtarrilean, arazo ekonomikoak eta egitura krisia direla medio. Arduradunek esan dutenez, ″komertzioaren funtzionamendu eredua momentu hauetan ez da eraginkorra″.
Erronda kalean Likinianok burututako jarduerarekin jarraitzeko helburuarekin sortu zen Gatazka Gunea 2006. urtean. Sei urte geroago ateak itxiko ditu egitura eta ekonomia arazoak direla eta. Jakitera eman dutenez, ez dituzte ″argitaletxe garrantzitsuei eragingo dieten zorrik sortu nahi″ eta horregatik saltokia ixteko erabakia hartu dute beranduegi izan baino lehen.
Kutsu politikoa zuen Gatazka Guneak. Likiniano liburu eta disko dendak bezala, anarkismoan oinarritutako ideologia zuen, baina liburu eta diskoei begira aniztasuna eskaintzen zuen. Bere ibilbidea hasi zuenean, kolektiboaren alde politikoak huts egin zuen lokalaren mantentze lanek denbora asko eskatzen zutelako eta hainbat lagunek Gatazka alde batera utzi eta AHT Gelditu mugimenduan murgildu ziren.
Hori izan da Gatazka Guneak izan duen arazo larrienetakoa. Azaldu dutenez, material politikoa banatu eta zabaltzen zuten kolektiboen desagerpenak ere kalte egin die eta nola ez, egoera ekonomikoak. Likinianok diskoen salmentagatik lortu zituen etekin handienak. Gatazkari, aldiz, Internet bidezko deskargek kalte handia eragin diote. Hala ere, liburuen salmentak lagungarriak izan dira azken urteetan. Baina literatura egun luxuzko objektu bihurtzen ari direla ikusita, -gaur egun gutxi dira 20 euro baino gutxiago balio duten liburuak- euren egoera ekonomikoa aztertu eta sei urtetako komertzio politiko-kulturalari amaiera duin bat ematea erabaki dute.
Gatazka Gunea posible bihurtu duten pertsona, eragile, kolektibo eta abarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete arduradunek eta argi utzi dute Bilbon badagoela liburu denda alternatiboentzat tokia baina ″parametro berri batzuen barruan″.
Sare Info:
http://sareantifaxista.blogspot.com/2012/01/gatazka-gunea-dice-adios.html
