https://sareantifaxista.blogspot.com/2024/10/atxuriko-adierazpena-elkarrekin-bizi.html
https://sareantifaxista.blogspot.com/2024/10/ideologia-fasxistari-aurre-egiteagatik.html
Lantzean Behin / Bilbo (Euskal Herria)
- Ez al da zentzu bakoa Voxen gorroto-mezuei aurre egiteagatik gorroto-delitua leporatzea lagun hauei?
Ba, halaxe da bai, harrigarria dirudien arren. Galdera bikaina, galderan bertan dago eta koxka! Auzotar hauek, guk ondo ezagutzen ditugunak, auzoan berdintasunaren, elkarbizitzaren eta elkartasunaren alde mugitzen ari direnak, gorroto-delituagatik epaituak izatea harrigarria eta onartezina egiten zaigu. Eta zeinek inputatuko hori eta, egunerokoan ikusten dugunez, emakumeak bigarren mailako pertsonak izaten jarrai dezaten nahi duten horiek dira salatzaileak, eta etorkinak beren lurralde pobretuetan kolonizatu eta esplotatuta jarraitzea nahi duten berberak, edota langile klaseak finantzen etekin ekonomikoen morroi izaten jarrai dezan nahi dutenak, eta, adibidez, miserian bizirauten ari direnen egoera polizia-indarkeriaz konpondu nahi dutenak,... Horiek dira, matxista, xenofobo, kolonialista, euskarafobo, kapitalista eta militarista horiek dira besteei gorroto delitua leporatzen dietenak. Zentzu bakoa, baina halaxe da.
- Eskatzen dituzten zigorrak ere ez al dira neurri bakoak?Ba, benetan, ez dira erraz ulertzekoak egiten diren kartzela-zigor eskaerak, ez fiskaltzak egiten dituenak, ezta are gutxiago ere Voxek egiten dituenak. Izatekotan ere ikusten dena da horren atzean dagoen asmoaren neurria, zera, protesta kriminalizatzea eta parte hartu zutenen zigorra eta eskarmentua. Nolabait ere, ez dute utzi nahi zigorrik gabe protestan jardutea, horrelako gorroto-mezuei aurre egiteagatik izan arren. Kontutan izan behar da protesta bera baketsua izan zela. Irudikatu dezazuen, Atxuriko plazan auzotar batzuk espontaneoki bilduta, talde txikitan, ez asko, ozenki oihuka gorroto-mezuen kontra, eta dena poliziez inguratuta, ertzainez josita ekitaldia hasi aurretik, protestan ari zirenei oldartzen.
Egiten zaizkien inputazioak oso anitzak eta larriak dira, horrelako protesta egoera batean, beste inolako liskarrik izan gabe. Izan ere, ez zen inolako erasorik izan, oihuka jardun baitzuten eta ez harrika. Hortaz, ez dira ulertzen egiten zaizkien inputazio eta salaketak, esaterako, atentatua, erresistentzia, mehatxuak, gorroto delitua,... Hau da, topatu ahal izan duten guztia erabili dute pertsona hauek kriminalizatzeko, eta bide batez, herri-mugimendua eta han elkartu zirenak edo pentsaera berdina dutenak ere kriminalizatzeko. Asmo hori da atzean ikusten duguna eta neurri bako inputazio hauek erakusten dutena.
- Hau dena muntaia poliziala dela diozue. Zer dela eta?
Ba, begira, inputazio asko poliziaren salaketa faltsuetan oinarritzen direlako. Edozein aitzakia txiki nahikoa izan zuten pertsona batzuk bortizki atxilotu eta indentifikatzeko; eta identifikatu zituztenei leporatu dizkiete gero delitu horiek guztiak, nahiz eta zuzenean parte ez hartu. Gure ustez, protesta kriminalizatzeko ahalegina da, argi eta garbia. Hasieratik inguratuta izan zuten Atxuriko plaza eta hurbildu ziren auzotarrekiko jarrera oldarkorra izan zuten, hasiera hasieratik. Honen ondorioa oso larria izan da, Voxen faxismoa salatzera hurbildu ziren auzotar horiek, ozen salatzera hurbildu zirenak argi eta garbi baina baita era baketsuan ere, oihuka baino ez baitzuten jardun,... Auzotar horiek kartzela-zigor eskaera larriak jaso dituzte, oso larriak. Fiskalak 7 hilabetetik 14 hilabetera bitarteko kartzela-zigor eskaerak egin ditu eta Voxek 4 urtetik 8 urtera bitartekoak.
- Epaiketa dela eta, elkartasun ekitaldia deitu duzue. Zein da zabaldu gura duzuen mezua?
Elkartasuna izango da ekitaldiaren ardatza. Batetik, elkartasuna inputatuekiko, matxista eta xenofoboen kontra beren ahotsa altxatu zutenekiko. Hau da, 9 inputatuekiko elkartasuna adierazi nahi dugu; gure babesa helarazi nahi diegu. Bestetik, elkartasuna faxismoak erasotako pertsona eta kolektiboekiko ere bai. Eta bereziki adierazi nahi dugu elkartasuna dela faxismoari aurre egiteko bitartekorik egokiena. Hau da, auzora gorroto mezuak ekarri zituztenen eta ekartzen dituztenen aurrean guk elkarbizitza eta elkartasunarekin erantzun nahi diegu. Hortaz, sexu, genero, jatorri, sinismen, hizkuntza edo kultura ezberdinetako jendea elkartuko gara. Zer adierazteko? Guk elkarrekin bizitzeko asmoa dugula eta faxismoari elkarrekin aurre egingo diogula adierazteko.
- Bost urte igaro dira gertaeretatik. Gaur ere zuek orduan emandakoa bezalako erantzunak beharrezkoak dira faxistei aurre egiteko?
Orduan baino beharrezkoagoa, esango genuke. Izan ere, Europa osoan oldartuta dabil faxismoa. Horregatik, esaten ari garena zera da: indartu egin behar dugula gure feminismoa, sexu-askatasuna, etorkinekiko elkartasuna, langile-mugimendua, ekologismoa, antimilitarismoa, nazio zapalduekiko elkartasuna, baita gure euskaltzaletasuna ere. Izan ere, argi ikusten da faxismoa pribilegiatuen oldarraldia baino ez dela, beren pribilegioak arriskuan ikusi dituzten botere-taldeena, izan feminismoaren indarraldiagatik, izan hizkuntza zapalduen aurrerabideagatik, edo izan ekologismoaren garapenagatik. Bereziki larria dela ikusten dugu finantza-oligarkiak, boterea ez galtzeko amoz, suspertzen ari diren estrategia militarra, gerrara garamatzala.
Nolabait ere, ikusten duguna da, aurrez aurre jarrita daudela testuinguru honetan, batetik, justizia, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna bezalako baloreak lantzen ari garen pertsona eta mugimenduok; eta bestetik, pribilegioak galdu nahi ez dituztenak.
Elkarrizketa hau Lantzean Behin | Uribe Kostako komunikazio-egitasmoaren eta Sare Antifaxistaren arteko elkarlanaren emaitza da.
lantzeanbehin.blogspot.com