Azaroaren hasieran, “Publico” egunkariak salatu eta gaitzetsi egin zituen Alexis Romero, Danilo Albin eta Adhik Arriluzea bere kazetariak sare sozialetan ultraeskuindarren aldeko talde eta pertsonengandik jasotzen ari ziren mehatxuak eta erasoak. Komunikabide horrek babes osoa eskaini zien adierazpen-askatasunarekin eta kazetaritza independentearekin duten konpromisoagatik nabarmendutako profesional horiei https://x.com/Antifaxismoa/status/1854935799260697021

Sare Antifaxistak ere elkartasuna adierazi zien eta, Lantzean Behin komunikazio-proiektuarekin duen lankidetzaz baliatuz, Danilo Albin eta Adhik Arriluzea elkarrizketatu ditu.


Lantzean Behin / Madrid (España) 

Danilo Albin: “Ez dugu onartuko eskuin muturreko jarduerek aurrera egitea”

- Ze eraso eta mehatxu jaso dituzue?

"Público" egunkarian egiten ditudan jarduerak eskuin muturraren eta ultraeskuinaren adar ezberdinek Espainian noraino iristen diren jarraitzean oinarritzen dira batez ere. Eta horregatik traba handia  gara ultraeskuineko taldeentzat eta sare sozialetan dituzten jarraitzaileentzat. Mota guztietako irainak eta hertsapenak jaso ditugu talde horien aldetik, ez soilik sare sozialetan. Ikusi dugu, halaber, YouTuben edo beste plataforma batzuetan ematen dituzten programetan, adibidez, nire argazkia sartu dutela saioan zehar. Eta irain ugari egin dizkidate. Gainera, kasu askotan nire jatorrietara jotzen dute, ultraeskuineko taldeen ohiko diskurtsoaren ildotik. Izan ere, ni uruguaitarra naiz.

- Zure ustez, zeri erantzuten diote eraso horiek?

Esan bezala, ultraeskuinaren jarduerak salatzeak horiek garatzeko traba bat suposatzen duelako gertatzen dira nagusiki eraso horiek. Salaketaren aurrean, haien jokabide klasikoa da iraina, mehatxua... horrela ikaratuko gaituztelakoan. Hori, noski, ez dute lortuko.

- Sare sozialak leku aproposa bihurtzen ari dira eraso horiek ugaritzeko?

Bai. Nire ustez, eskuin muturreko taldeentzako jarduera-leku bihurtzen ari dira, askotan profil faltsu edo anonimo batetik jokatzeak ematen dizun zigorgabetasun eta iluntasunarekin. Hori asko gertatzen da sare sozialetan. Esaten nizun bezala, nire kasuan, guztiak ez, baina irain edo mehatxu horietako asko esparru horretatik datoz. Sare sozialetatik, non eskuin muturra oso erraz mugitzen den eta non askotan ikusten dugun plataformek ez dutela beste kasu batzuetan bezain irmo jokatzen, plataforma horiek ideia arrazista eta xenofobo horiek zabaltzeko erabil ez ditzaten talde horiek.

- Zer egin daiteke eraso horiei aurre egiteko?

Eraso horien aurrean salaketa-lana egin behar da. Batez ere komunikabideetan gertatzen direnean, ultrek jakitea komunikabideetako zuzendaritzek beren langileak babesten dituztela, “Público”-ren kasuan gurekin gertatu den bezala. Eta jakin dezatela ez gaudela bakarrik eta beren irainak eta mehatxuak ez direla oharkabean pasatuko. Hala ere, ez diogu irain zehatzari zabalkundea emango. Askotan hori bilatzen dutelako. Oihartzuna izatea bilatzen dute. Baina horrelako taldeen jarduerak salatuko ditugu, eta, batez ere, argi utziko diegu ez gaituztela isilaraziko. Gure kasuan, eskuin muturraren jardueren inguruko salaketa iraunkorrekin jarraituko du. Gobernuak, Estatuak, hori gertatzea ahalbidetzen duenean ere salatuko dugu.

Salatu dugu Nucleo Nacional talde neonazia joan den abuztuan legeztatu zutela elkarte gisa Barne Ministerioko Elkarteen Erregistroan. Eta kasu horretan ez zuten ezer arrarorik ikusi, Nucleo Nacional joan den apiriletik “kaputxaz jantzita” zebilenean eta polizia-ikerketa bat abian zegoenean. Hala ere, Barne Ministerioak legezko elkarte gisa inskribatu zituen. Niri eskandalagarria iruditzen zait. Horrelako gauzak salatzen jarraituko dugu “Público” egunkarian. Eskuin muturrak argi izan dezala ez dugula onartuko horrelako jarduerek aurrera egitea. Ez gaituzte isilaraziko.


Adhik Arrilucea: “Profesionaltasun eta zintzotasun osoz lan egiten eta komunikatzen jarraituko dugu”

- Ze eraso eta mehatxu jaso dituzue?

Nire kasuan esan behar dut oso originalak izan zirela. Gauza anitz esan zizkidaten. Alde batetik, “gizapetiko izaki, zabor, zital…” bezalako irainak jaso nituen. Baita irain arruntagoak ere: “putaseme”, kasu. Baina, agian, arriskutsuena izan daiteke ni seinalatu izana. Nire profileko argazkia hartu, seinalatu eta denetariko mehatxuak egin zizkidaten: “ia noiz topo egiten dugun kalean”, “zure izena zerrendan dago jada”... Ba, azken batean, nik sare sozialetan ez ditut datu pertsonalak ematen. Izena eta aurpegia baino ez dira ikusten. Neurri batean seguru sentitzen nintzen horiek bakarrik ikus ditzaketela jakinda.

- Zure ustez, zeri erantzuten diote eraso horiek?

Krisi klimatikoa saihestezin bilakatu da eta, horren ondorioz, estatuek erabakiak hartu behar dituzte guk, hiritarrak garen aldetik, kontsumo-ohiturak alda ditzagun. Norbanako bezala ere gure bizimodua aldatu behar dugu. Hori begi-bistan dago. Krisi klimatikoari buruz hitz egiteak esan nahi du bizitzeko modua bai ala bai aldatu behar dugula. Orain gutxira arte ekologistak entzuten genituenean estetika-eredu jakin bateko kidetzat hartzen genituen. Beharbada, nahiz eta ekologismoak historikoki oso politikoa izan den beti, ekologismotik oso aldenduta zeuden pertsonek ez zituzten ekologismoaren aldarriak serio hartzen. Baina, orain, krisi ekosoziala hain agerikoa da ezen ekologismoa edo ekosozialismoa ideologia arriskutsutzat jotzen dutela alderdi erreakzionarioek. Horrelako adierazpen ekologistak mehatxu bat izango balira bezala hartzen dituzte eta gorrotoarekin erantzuteko baino ez dira gai.

- Sare sozialak leku aproposa bihurtzen ari dira eraso horiek ugaritzeko?

Oso galdera egokia, besteak beste, “The Guardian” eta “La Vanguardia” egunkariek Twitter sare soziala utzi egin dutela kontuan hartuta. Nire ustez, sare sozial bakoitzak portaera zehatz bat eragiten du bere erabiltzaileengan. Adibidez, ez da Twitterren beste gorroto antzematen Instagramen. Baina, hau esanda ere, aitortu behar dugu sare sozial guztietan dagoela mota horretako gorrotoa. Ez daukat hain argi zergatik gertatzen den, baina beharbada bi faktore nahasten dira: alde batetik, sare sozialetan anonimoa izan zaitezke. Hori, berez, ez da zerbait negatiboa. Bere abantailak badauzka. Izan ere, sare sozialetan egon ahal izatea aurpegia edo izena eman gabe, zure burua babesteko modua izan daiteke. Aitortu behar dugu hori horrela dela. Baina, inpunitate sentsazioa ere eman dezake anonimoa izateak. Eta, batzuetan, hori bigarren faktore batekin nahasten da; fanatismo politikoarekin, alegia. Ez dut esango historian horrelakorik gertatzen den lehen aldia dela; baina, orain, populismoaren gorakada izugarria bizitzen ari gara. Inolako izpiritu kritikorik gabe, diskurtso zehatz batzuk bere egin dituzte hainbatek. Argi dago izpiritu kritiko horrek denbora behar duela hausnartzeko, pentsatzeko, zure buruari galderak egiteko... Gainera, gero eta azkarrago aldatzen diren gizarteetan bizi gara eta horrek ere zerikusia dauka.

- Zer egin daiteke eraso horiei aurre egiteko?

Beharbada, ez beldurtzea. Gure lana, profesionala zein politikoa, hoberen uste dugun moduan egiten jarraitzea. Horretaz aparte, erasoen aurrean izan dezakegun jarrera bakoitzaren araberakoa izaten da. Nik, adibidez, ez ikusiarena egin nuen. Baina, beste batzuek egiten dizkieten horrelako “iruzkinak” salatzen dituzte. Eta guztiz zilegi dela uste dut; baita horiei erantzutea ere. Nik nahiago izan nuen ez egitea, baina badakit batzuek erantzuten dutela. Beharbada ez horrenbeste gorrotozko iruzkinei, baina bai egiten zaizkien kritikei. Norbaitek argudio bat aurkezten duenean, kontrako argudioa ematen saiatzea, agian, beste teknika bat izan daiteke, ez horrenbeste pertsona hori konbentzituko duzulako; baizik eta argudioak zelan garatzen dituen uler dezakezulako. Fernando Valladares CSICeko biologoak horixe bera egiten du. Berak ere horrelako mehatxuak eta erasoak jaso izan ditu. 

Beharbada, mundua ulertzeko besteak duen prozesu mentala edo kognitiboa nolakoa den analizatzea eta ulertzea onuragarria izan daiteke, estrategia komunikatiboak garatzeko. Baina, tira, ez egitea erabakitzen badugu ere guztiz zilegi da. Zentzu horretan behintzat ez dugu gure burua arriskuan jarri beharrik. Garrantzitsuena da, esan dudan bezala, beldurrik gabe aurrera egitea eta jakitea ez dutela lortuko. Guk argi izan behar dugu. Profesionaltasun eta zintzotasun osoz lan egiten eta komunikatzen jarraitzea da eraso horiei aurre egiteko modurik onena.


Cargando